Azalpena

DanborrakBi makilez kolpekatutako menbranofonoak Euskal Herri osoan erabili izan dira, forma eta funtzio anitzetan. Aniztasun horrek, XX eta XXI. mendeetan bereziki, sarri danbor mota ezberdinez mintzatzera eramaten bagaitu ere, ezagutzen direnak, denak dira danborraren familiakoak. Danborren presentzia etengabea da herri-musikaren historian eta ausartu gaitezke esatera soinu-tresnarik hedatuenetakoak direla denboran, geografian eta gizarte mailan ere. Hala ere, itzalean agertzen zaizkigu ia beti, lagun dituzten soinu-tresnen gerizpean eta nagusiagotzat jo izan diren gizarte gertakarien mendean. Hainbesteraino, oraindik ere inor gutxik aztertu dituela danborrak eta danbor-jotzaileak. Eta hala ere, danborreroak eta atabalariak hor dira beti.

IZENAK

Danbor eta atabal dira soinu-tresna hauen izenik erabilienak. Bi hitzok jatorri arabiar edo indoeuroparra dutela dirudi14, eta horregatik agertzen dira aldaera txikiz euskaraz bezala inguruko hizkuntza erromanikoetan ere: tambor, atambor, tambour, atabal, tabal,… Euskaraz ere, atabal hitzaren tabal aldaera erabilia da oraindik orain, Zuberoan bereziki. Danborra edo atabala jotzen duenari berriz, danborrari ala danborrero esaten zaio, danbor-jotzaile ala danbor-jole; baita atabalari ala atabalero ere, atabal-jotzaile ala atabal jole, edo tabalari zuberotarrek (Azkuek, Lhandek eta Larrasketek tabalazale ere jasotzen dute beraien hiztegietan, Lapurdi eta Zuberoarako).

Atabal deitura ukatu gabe, arratz hitza ere proposatu zuen Larramendik bere hiztegian: “Atabal, arratza, arrazcoa, atabala. Lat. Tympanum.”15. Izen honek ez du ordea arrakasta handiegirik izan, erabili, erabili izan bada ere16. Aditza ere bada euskaraz, atabala jotzea adierazteko. Atabalatu (tabalatu Zuberoan) gaztelerako tamborilear eta frantseseko tambouriner aditzen parekoa da: danborra jotzea esan nahi du batetik, eta bigarren adiera batean, hatzekin kolpeak emanaz atabalaren hotsa edo arrada imitatzea.

Atabal ala tanbor, tabal nahiz arratz, batera edo bestera, bi makilez kolpekatutako menbranofono bera adierazten dute hitz hauek, kaxaren alde banatan larrua tenkatua duen hori. Gaur egun ordea, bada joera hitz horiek esanahi ezberdina balute bezala erabiltzekoa, danbor mota ezberdinak bereizteko asmoz. Alegia, askotan atabal hitza txistulari taldean jotzen den danborrari lotzen zaio, tabal hitza txirulariekin jotzen denari, eta danbor hitza dultzainero edo gaiteroekin nahiz beste talde batzuekin erabiltzen denari, soinu-tresna desberdinak bailiran. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak berak, atabala definitzen duenean, danborretik bereizten du: “Atabal. iz. Bi zotzez jotzen den danbor motz eta zapala” definituaz. Eusko Jaurlaritzaren Musika Hiztegia harago doa, eta definizio berari zera eransten dio “… hainbat herri-musikatan erabiltzen dena (txistulari-bandetan, Zuberoan txirularekin batera, eta abarretan)”17.

 

Egitura

Danbor honek altuera baino zabalera handiagoa duen zurezko kaxa zilindrikoa du. Bi ahoak antxume larruz itxiak ditu. Larrua tenkatzeko sokazko sistema erabiltzen zen lehen; azken garaietan metalezko haga sistema izaten da kasu gehienetan. Larruaren hotsa aldatzeko eta handitzeko azpiko larruaren kontra tripazko edo bestelako bordoia izaten du atabalak.

Joera

Eskuetan makila bana harturik aurrealdeko larruaren kontra jotzen da. Bi makilekin trebetasun handiarekin, konplexutasun handiko erredoble eta joko erritmikoak egiten dira, musika apainduz eta aberastuz.

Historia

Izen batekin edo bestearekin, aspaldidanik ikusten dira soinu-tresna hauek txistulari eta xirularien doinuei laguntza erritmikoa ematen.

Txistu taldeko atabalariek trebetasun handiarekin jotzen dute, konplexutasun handiko erredoble eta joko erritmikoak eginez, txistularien musika apainduz eta aberastuz.

Xirulariak, ttunttun edo sokazko danburiarekin markatzen duen erritmoari laguntzeko, atabala (Zuberoan “tabala”) jotzaile bat izaten du gehienetan bere ondoan. Atabal hau handi xamarra izaten da, metalezko kaxa duelarik. Jotzerakoan, goiko mintza koloreetako zapi batekin estaltzen dute.

Askotan, txistulari eta dultzaina-gaita taldeetan, atabala-danborraren ordez, musika bandek erabiltzen duten kaja oso erabilia izan da.

OHARRAK

14 Hiztegi gehienak ados dira atabal hitzaren erroa tabl arabiarrean dagoela, eta tanbor hitzarenean tabir persa ere askok aipatzen du; baita bi horiek erro berekoak izan daitezkeela ere. Hemen adibide batzuk:

“Tambour. Nom masculin. XIe siècle. Emprunté du persan tabir, de même sens, ou de l’arabe tubul, pluriel de tabl, « tambour »” (Dictionnaire de l’Académie française)

“Tambor. Quizá del ár. hisp. *tabbūl, hipocorístico del tabál.” (Diccionario de la Lengua Española, DLE)

“Atabal. Del ár. hisp. attabál, y este del ár. clás. tabl.” (DLE)

“Tablā. Asymmetrical pair of small, tuned, hand-played drums of North and Central India, Pakistan and Bangladesh. … The word tablā is a Persian and Urdu diminutive of the Arabic generic drum-name tabl,” (The Grove Dictionary of Music and Musicians)

Badirudi tabl erro hori hizkuntza indoeuropar askotan agertzen dela kolpekatutako menbranofonoez mintzatzeko. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar horrelako soinu-tresnak mundu osoan ezagutzen direla aspaldidanik, eta izenak eta izanak ez dutela zertan jatorri bakarra eta bera izan.

15 Larramendi, 1745, I, 108. or.

16 Arratz izenaren inguruan, ikus danbolina sarrera, entziklopedia honetan bertan.

17 Askoren artean. (2011). Musika Hiztegia. Eusko Jaurlaritza. 18. or.

 

ITURRIAK

Bibliografia

ANSORENA, Isidro. (?). Txistu ots gozoa nola? Lenengo ikastaldia.

(1965). Txistu ots gozoa nola? Bigarren ikastaldia.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.

DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.

EUSKAL HERRIKO TXISTULARI ELKARTEA. (1928- ). Txistulari aldizkaria.

OLAZARAN de ESTELLA, P. Hilario. (1951). Txistu. Tratado de flauta vasca. Bilbo. 1970.

Diskografia

ANSORENA, Isidro, Banda de Txistularis del E.A.S.S. (1970). Bailes vascos. Columbia. C 7090.

ANSORENA, Jose Inazio. (1985). Donostiako Txistulari Udaltaldea: Donostiako Txistulari Udaltaldea. Dial Discos. Doblon. 50.1769.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

BILBOKO UDALETXEAREN TXISTULARIAK. (1977). Bilboko Udaletxearen Txistulariak. Movieplay-Kandantxa. 17.0911/0.

ELIZALDE, Maurizio. (1971). Baztango dantzak 1. HG-24. Baztango Dantzak 2. HG-26.

(1977). Lanzko zortzikoa-jostaketa dantzak. HG-OTS. HG-169.

MAKUSO, Miguel. (1977). Herriko Musika. Movieplay-Kardantxa. 17.0912/2.

Bideoak

BASTERRETXEA-LARRUQUERT. (1968). Ama lur / Tierra madre. Euskadiko Filmategia.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.

CARO BAROJA, Julio eta Pio. (1971). Navarra. Las cuatro estaciones. Nafarroako Gobernua. 1994.

(1979). Gipuzkoa. Gipuzkoa-Donostia Kutxa.

LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.

Irudi galeria

Audioa

Barrikada haustia (Zuberoako maskarada). Oihenart (tabala), Mixel Etxekopar (xirula). Gotein, 1999.

Fitxa osoa