Azalpena
IZENAK
Danbolina makila bakarraz kolpatutako menbranofonoa da, eskuineko eskuaz normalean, ezkerrekoaz txistua edo esku bateko ahokodun flauta zuzena jotzen duelako musikari berak. Danbolin batzuetan, beste batzuetan tuntun edo ttunttun izenez ezagutzen da soinu-tresna hau. Era berean, bi tresna hauek (txistua eta danbolina) jotzen dituenari gaur egun gehienetan txistulari esaten bazaio ere, danbolin eta ttunttun izan dira seguruenik izen erabilienak musikariarentzat berarentzat; baita danbolintero, danbolin jotzaile, danbolin jole, tuntunero, tuntun jotzaile, ttunttunero edo ttunttun jotzaile ere7. Izan ere, danbolina ez da bakarrik jotzeko soinu-tresna: makila bakarraz jotzen bada, bestearekin txistua jo ahal izateko da; eta alderantziz, txistulariak, danbolina jo ahal izateko du esku bakarraz jotzen den hiru zulotako flauta. Danbolinaren egitekoa da erritmo oinarria ematea txistuak osatuko duen doinuari, eta danbolina da, beraz, lagun bakarreko orkestra txiki honi izana eta izena eman dizkiona ohituraz. Areago, danbolin edo txistulariak egiten duen musikari ere esan izan zaio ttunttuna, dantzarakoari bereziki8.
Danbolin deitura hain izan da hedatua, toponimian ere maiz agertzen zaigula, txistulari ez bezala. Patziku Perurenak (2016) oroitzen dizkigu Goizuetan bakarrik jasotako Danbolintxo, Danbolin borda, Danbolin iturri eta Danbolin zoko, adibidez.
Donostian bazen Danbolin izeneko baserria, Danboliñene eta Danbolin Txiki Berastegin, eta Danbolin edo Danboliñene bordak Elduaien, Saldias, Uztegi, Garralda, Zenotz, Lantz, Urrotz, Labaien eta gehiagotan ere; Txanbolin errota Antzuolan, eta Txanboliñene etxeak Azkoitian eta Zegaman; Tanbolintxeruena berriz Busturian; Danbolingoa etxea eta Danbolinzulo haitzuloa Zestoakoak dira, Danbolintxulo Etxarri Aranatzen eta Danbolinzoko Errazkinen badira ere; Danboliñeneko erreka Hondarribian; Danbolinpoto Oñatiko leku izena da, Danbolinaitza Zumarragakoa eta Danbolinsoroeta Bakaikukoa; Danbolingain berriz, Etxalekuko tontorra da, eta Mallabia eta Legutiokoak dira Tanbolinbaso izeneko basoak.

Herrialde desberdinetako danbolinteroen esku bateko danborrak, Soinueneako erakusketa iraunkorrean. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)
Lexikoan ere utzi ditu beste arrasto batzuk danbolin deitura horrek, Euskal Herriko kulturan izan duen garrantziaren seinale. Danbolinausi edo danbolin-nagusiaren irudia ia galdua da. Herri askotan, Nafarroan nabarmen, festa antolatu eta kudeatzeko ardura herriko gazteen eskutan uzten zen, eta horretarako maiordomo edo danbolin-nagusiren bat izendatzen zen (bi, hiru edo lau ere izan zitezkeen): ardura horietan ez zen txikiena danbolina kontratatu eta dantzak jotzera etorriko zela ziurtatzea. Irudi hori Euskal Herri osoan barrena ezagutu bada, Baztanen, Malerrekan edo Nafarroako Pirineoan hala deitu izan zaio XX. mendera arte behintzat, danbolinaren arduraduna litzatekeena edo. Mikel Aranburuk deskribatzen digu danbolin-nagusia eta danbolinaren garrantzia herriko festetan:
En las fiestas de todos estos pueblos destaca siempre la figura del chunchunero, contratado por el mayordomo o danbolinausia –el mozo elegido entre todos para dirigir la fiesta–, que era recibido con gran entusiasmo, ya que su llegada marcaba el inicio de las mecetas. Los jóvenes, con el mayordomo al frente tocado con la boina con cintas trenzadas, salían a recibir al chunchunero, que por lo general se desplazaba a pie, y ya desde las afueras del pueblo o barrio se iniciaba el recorrido musical con visita a las casas.
(Aranburu, 2011, 58-59. or.)
Danbolinari, musikariari alegia, txanbolin adierazkorraz ere esan izan zaio askotan, eta danbolintero edo txistulari askoren izengoiti izan dira Txanbolin edo Txanbo laburtua: Alegiako German Intxausti txistularia Txanbolin ezizenez ezagutzen zuten Amezketan, Azkoitian Juan Elorza bezala, eta Beasainen Txanbotzat ezagutzen zuten Ramon Aranburu; zeresanik ez, Elgoibar eta Markinako Ansola txistulari dinastia ere, Txanbolin izan da. Bilboko XIX. mendeko danbolintero sonatuena ere, Francisco Arsuaga tolosarra, Txango goitizenez ezaguna da oraindik.
Arratz, antza denez, Aita Larramendiren neologismoa da: arratzak lastoz edo zuhaitz azalez egindako ontzi, upel edo otarreak izaten ziren, lixiba egiteko, artoa gordetzeko edo arraiak garraiatzeko erabiltzen zirenak, eta litekeena da danborrek haiekiko zuten antzagatik edo, adiera berri hau eman izana. Haren hiztegian (1745) dioenez, gaztelerazko atabal hitzaren euskal ordaina litzateke arratza edo arrazkoa (eta arratzaduna edo arrazkoduna, atabaleroa), baina atabal bera ez du ukatzen euskal hitz gisa, eta tambor nahiz atambor sarreretan atabal ematen du euskal ordaintzat, eta atabalari “el que le toca”. Danbolin ordea, euskara garbitzat jotzen du, honen etimologia asmatzeraino9, eta gaztelerazko tamboril eta tamborino hitzen ordaintzat danboliñ ematen (tuntuna ere jasota). Iztueta izan zen, agidanez, Larramendiren jarraitzaile leiala izan arren, arratz terminoa danbolinari egotzi ziona, ia erabat zentzu horretan erabilita. Hala dio batean, adibidez: “Lenago ere esanic daucadan bezala, danboliñaren icena dator, besoan darabillen arratcetic, eta ez chilibitutic. Ceiñ eta anciñacoa dan chilibitua are lenagocoa da damboliña edo arratca; ceñaren ots eraquidatuan aboz itz neurtuac cantatcen cituztela dantzatu oiciraden, gure asaba maitagarri anciña anciñaco aiec.”10 Arratz deiturak erabilera zehatza izan du beraz, danbolinarentzat: Iztueta eta haren idatzien jarraitzaileen artekoa.

Francisco Arsuaga Txango (Tolosa, 1800 - Bilbo, 1881), Bilboko txistularia gala-jantzian. (Iturria: Donostia, 1952, 94. eta 95. orrien arteko argazki orrian)
EGIKERA ETA JOTZEKO ERA
Danbolinak, berdinak izan beharrik ez badute ere, tamainaz igualtsuak izan ohi dira XX. mendetik hona. Zabalera baina altuera gehiagoko danborrak, gaur erabiltzen direnek gutxi gorabehera Isidro Ansorenak (d.g.) eta Aita Donostiak (1952) ematen dituzten neurriak izaten dituzte: kaxaren altuera 255 mm. eta diametroa 250 mm.; uztaien altuera 22 mm. eta lodiera 6 mm. Kaxa eta uztaiak zurezkoak izan ohi dira, material plastikoak ere erabili izan badira ere. Larruak ere, jotzekoa nahiz pordoiarena, plastikozkoak erabiltzen dira gaur egun, baina gehienean antxume larruzkoak izaten dira, uztaiei egindako 10 edo 12 zuloetan soka sigi-sagan jarrita tenkatzen direnak, atabalak bezala, sokari lotutako larru zatiak tenkagailu gisa erabilita. Ansorenak dioen eran, uztaiei beste larru zati bana ere lotzen zaie, lokarri edo kordoia haiei josi eta danbolinteroaren besotik zintzilik jarri ahal izan dadin. Abere hestez egindako pordoia ere jartzen zaie danbolinei, jotzeko ez den larruaren gainean tenkatuta. Danbolin makila, zotz edo ziriaren neurriak ere ematen ditu Ansorenak (320 mm. luze eta 14 mm. lodi hatzekin heltzeko aldean), baina egiaz, dituzten luzerak ezberdinak izaten dira, eta zer esanik ez pisuak, zur ezberdin asko erabil baitaitezke hauek egiteko.
XX. mendeko eta gaur egungo danbolinak tankera horretakoak izan ohi dira, baina badirudi lehenago tamaina ezberdinetako danbolinak erabili izan direla. Iztuetak dioenez behintzat, “chilibituak eta arratzac ere ascoz aundiagoac oi cituzten lenagoco damboliñac, oraingoac darabilzatenen aldean”11. San Telmo museoan gordea da 1915ean Eusebio Basurkok, orduko Donostiako udalaren txistularien buru zenak, emandako danbolin bat, intxaur zurez egina: altueran 280 mm. ditu eta diametroan beste hainbeste12. Iztuetaren esana sinesgarri egiten dute, beraz, danbolin honek eta argazki zaharretan agertzen diren beste batzuek, eta badirudi, atabalak bezala, azkeneko berrehun urtean behintzat, murrizten joan dela hauen tamaina.

Danbolin zaharrak.
Ezkerrean, JMBA Bilduman, 785. zk. (Arg.: Emovere - Soinuenea)
Eskuinean, Joaquín de Landaluzek 1961ean egindakoa, JMBA Bilduman 552. zk. (Arg.: O. Zapirain - Soinuenea)
1980ko hamarkadatik hona, txistulariek eskuineko eskuaz eragiten dituzte bestelako danbolin eta perkusio tresnak ere, taldean dabiltzanean batez ere.
Donostiako Udal Txistulari Taldea izan zen pandero uztaien txindak eta tankerakoak txintxirrin gisara erabiltzen hasi zena eta, batez ere, altuera eta diametro handiko kaxak dituzten danbolinak. Danbolin handi hauek soinu baxuagoak ematen dituzte eta bonbete13 izena zabaldu da txistularien artean danbolin arruntetatik bereizteko. Neurri ezberdinetan egiten dira, batzuetan larrua erabat ondu gabe ere bai (ile eta guzti), eta pordoirik ez dute izaten, bonboen antzera. Mazoz edo makila lodiz jo ohi dira.
Danbolina jotzeko, lokarria ezkerreko ukondoaren parean jartzen da, besaurrerantz, danbolina bera izter gainean libre gera dadin. Eskuineko eskuko hatzez heltzen eta eragiten da makila, hatzetan zabu egin dezan eta larrua jotzen duenean errebotea aprobetxatzeko. Eskumuturraz edo besaurreaz eragiten dion ttunttunerorik ere bada, baina teknika horrek asko mugatzen ditu danbolinaren aukerak. Larruari erdian jota lortzen da hotsik onena, baina hots eta intentsitate ezberdinak lortzeko, jotzen da uztai ondoan edo uztaian bertan ere, kaxan nahiz soketan.
Danbolinak erritmo oinarria ezartzen dio txistuaren doinuari, eta makila bakarraz jotzen denez, trebetasuna eskatzen du eskema erritmiko konplexuak jotzeko. Oso ohikoa da, ordea, txistulariarekin atabalaria ere jardutea, eta honek betetzen duenez erritmo oinarria, danbolinari eskema erritmiko soilagoak eragiten zaizkio usu.
Danbolina eta danbolinteroen historia eta beste kontu batzuk, txistuari buruzko atalean azalduak dira, entziklopedia honetako lehen liburukian (2021).

Tolosako Jose Manuel Agirre soinu-tresna egileak egindako danbolinak. (Iturria: Agirre Musika Tresnak14)

Leire Retegi txistularia Urretxuko Inazio Barriok egindako bonbetea jotzen, JMBA Bilduman 697. zk. (Arg.: Zazpi T'erdi - Soinuenea)

2009ko San Joan bezpera Donostiako Konstituzio Plazan (herriak "Ttun-ttun plaza" edo Plaza Berria izenez ere ezagutua). Goizaldi dantza taldeko txistulariak San Joan zortzikoaz esku-dantza abiatzen:
I. Eguren Etxabeguren (danbolina), J. Ansorena Mujika (bonbetea), P. Arozena Gorostidi (silbotea) eta E. Lizarraga Oruezabal (atabala). Donostia, 2009/06/23. (Arg.: Luis Michelena)
OHARRAK
7 Danbolindari hitza ere jasotzen dute Larramendik (1745), Azkuek (1984) eta Aita Donostiak (1952, 72. or.), eta horren pareko tuntunlari ere bai Eusko Jaurlaritzaren Musika Hiztegiak (Gurrutxaga, 2011), baina inon gutxi ikusi dugu aldaera horiek erabili direnik. Ez Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak, ez Orotariko Euskal Hiztegiak, ez dituzte jaso. Txuntxun eta txuntxunero aldaerak berriz, Nafarroa aldean jaso izan dira gehienbat.
8 Nikolas Ormaetxea Orixe iritsi zen tuntun hori erritmo hitzaren ordez erabiltzera, poesia edo hitz neurtuen erritmoaz ari zela. Gogoan izatekoa da Orixe bera atabalaria zela, eta ongi ezagutzen zuela tuntunaren egitekoa. Hala zioen adibidez, Joan Inazio Goikoetxearen lan baten sarreran: “Neurtitz aiek etzuten punturik, baiña guretzat mintzo ederra zuten, tuntunari edo igikerari begira” (Goikoetxea, 1963, 10. or.)
9 “Tamboril, viene de el Bascuence damboliña, que significa lo mismo, y se compone de bolina instrumento musico, y dan, dan por Onomatopeya el sonido que haze. Lat. Tympanum chorearum. Item tuntuna, damburinoa.” (Larramendi, 1745, II, 315).
10 Iztueta, 1824, 45. or.
11 Iztueta, 1824, 7. or.
12 Beltran, 1997, 117. or.
13 Gaztelerako hitza, “bonbo txikia” edo, adierazi nahi duena. Jose Ignazio Ansorenak aurkeztu zuen tresna hau Txistu Gozoa izeneko metodoaren laugarren alean, baina ez zuen bonbete hitzik aipatu (Ansorena, 1990). Geroztik erabilerak ekarri duen deitura da nonbait.
14 Agirre Musika Tresnak, http://www.musikagirre.com. 2025eko otsailaren 3an begiratua.
ITURRIAK
Bibliografia
ANSORENA, Isidro (-): Txistu ots gozoa nola?
(1965). Txistu ots gozoa nola? Bigarren zatia.
ANSORENA, Jose Inazio. (1978). Txistu ikaskizunak. Lankide Aurrezkia.
(1982). Txistu gozoa. Lehenengo maila. Erviti argit.
(1983). Txistu gozoa. Bigarren maila. Erviti argit.
(1985). Txistu gozoa. Hirugarren maila. Erviti argit.
(1990). Txistu gozoa. Erdi maila. Erviti argit.
BARRENETXEA, José Mariano. (1984). Apuntes de Txistu. Galdakao-Bizkaia.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain.
DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia. (II. liburukia, 257-309). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca.
EUSKAL HERRIKO TXISTULARI ELKARTEA. (1928- ). Txistulari aldizkaria.
OLAZARAN de ESTELLA, P. Hilario. (1951). Txistu. Tratado de flauta vasca. Bilbo. 1970.
Diskografia
ALDEKOA, Alejandro & Berrizko Herria. (1993). Alejandro Aldekoari omenaldia. GOR. G-513.
ANSORENA, Isidro & Banda de Txistularis del E.A.S.S. (1970). Bailes vascos. Columbia. C 7090.
ANSORENA, Jose Inazio. (1985). Donostiako Txistulari Udaltaldea: Donostiako Txistulari Udaltaldea. Dial Discos. Doblon. 50.1769.
(1991). Ansorenatarren Danbolinak. IZ. IZ-369.
(1993). Txistu hotsak. IZ. TZ-415.
(1994). Le Basque. IZ. IZ-421.
(1995). Haize hegoa. IZ. IZ-446.
(1996). Gipuzkoako soinu zaharrak. IZ. IZ-461.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
BILBOKO UDALETXEAREN TXISTULARIAK. (1977). Bilboko Udaletxearen Txistulariak. Movieplay-Kardantxa. 17.0911/0.
ELIZALDE, Maurizio. (1971). Baztango dantzak 1. HG-24. Baztango Dantzak 2. HG-26.
(1977). Lanzko zortzikoa-jostaketa dantzak. HG-OTS. HG-169.
MAKUSO, Miguel. (1977). Herriko Musika. Movieplay-Kardantxa. 17.0912/2.
Bideoak
BASTERRETXEA-LARRUQUERT. (1968). Ama lur / Tierra madre. Euskadiko Filmategia.
BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2017). Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan. 1985-2010. Elkar-Soinuenea Fundazioa. KD DVD-E 968.
CARO BAROJA, Julio eta Pio. (1971). Navarra. Las cuatro estaciones. Gobierno de Navarra.
(1979). Gipuzkoa. Gipuzkoa-Donostia Kutxa.
LARRUKERT, Fernando. (1978). Euskal herri-musika. Euskadiko Filmategia.
Irudi galeria
Audioa
Danbolin joaldia fandango erritmoan. Juan Mari Beltran. Oiartzun, 1998.
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 72
- Klasifikazioa:
- Menbranofonoak -> Kolpeaturik -> Danborrak makilez
- Oharrak:
- DANBOLINA

