Soinuenea eta euskara iritsi dira MIMO proiektura

2018 Maiatza 05 /

Musical Instrument Museums Online ekimena Europan sortu zen sei herrialdetako hamaika erakundek Europar Batzordearen laguntzarekin proiektua 2009an hasi zutenean.

MIMO 2009 eta 2011 urteen artean abiatu zen proiektu bat da. Europar Batzordeak lagundutako proiektu horretan 6 herrialdetako 11 erakunde aritu ziren elkarlanean, soinu-tresnen bildumak zituzten erakundeak guztiak. Erresuma Batuko The University of Edinburgh eta Horniman Museum, Alemaniako Germanisches Nationalmuseum, Ethnologisches Museum eta Museum für Musikinstrumente, Frantziako Cité de la Musique, Belgikako Muziekinstrumentenmuseum (mim) eta Koniklijk Museum voor Midden-Afrika, Suediako Scenkonstmuseet eta Italiako Associazione “Amici del Museo degli Strumenti Musicali” eta Università degli Studi di Firenze aritu ziren elkarrekin guztien bildumak erakutsiko zituen web orri bat sortzen. Lan haren ondorioa sarean dago www.mimo-international.com helbidean.

 

MIMO museums

 

Hala ere, geroztik datu-base hura handitzen joan dela zehaztu beharra dago. Izan ere, museo gehiago elkartu dira proiektu horretara bilduma handiak dituzten erakundeen ondoan bilduma txikiak gerturatuz. Era horretan, soinu-tresnen inguruan jakin-mina duenak leku bakarrean bila ditzake guztiak.

Bilduma gehienak Europakoak badira ere, Afrikako museo batzuk gehitu dira proiektura eta mundu osoko bildumei buruzko informazioa elkartzeko lanean ari da MIMO.

Gaur egun, sarean soinu-tresnei buruzko informazioa duen sarbide libreko datu-base handiena da gutxi gora behera 60.000 piezaren datuekin. Soinu-tresna bakoitzaren izenaz gain, haren sailkapen bat, argazki bat edo gehiago eta datu gehiago topa daitezke. Fitxa guztietan topatzen ez badira ere, batzuetan soinu-tresnaren hotsa azaltzen duten audio edo bideo grabazioak ere badaude.

Duela bi urte Soinueneak MIMO bezalako leku batean egon behar zuela erabaki genuen. Geroztik hemen kudeatzen den soinu-tresnen bildumari buruzko informazioa bertan partekatzeko lanean aritu gara Lotura-ko eta Cité de la Musique-ko teknikariekin eta apiriletik bertan ikus daitezke Soinueneako soinu-tresnak. Orain gure soinu-tresnen bilduma MIMO proiektuan dauden besteekin batera iker daiteke; Barcelonako Museu de la Música, Pariseko Cité de la Musique edota neurri ezberdinetako beste makina bat museotako soinu-tresnekin batera.

MIMO bere sorreratik hizkuntza ezberdinetan aritzeko prestatu da. Irudi eta hotsak ia edonork uler baditzake ere, informazio ugari testuetan dago. Proiektua abiatu zenean iada, sei herrialde ezberdinetako erakunde ezberdinak aritu ziren elkarlanean. Elkarren arteko komunikazioa eta dokumentuen sorrera ingelesez egin bazen ere, bakoitzaren herrialdeko biztanleen hizkuntza nagusian lan egitea ahalbidetuko zuen ingurunea sortzen saiatu ziren. Batetik, web orria bere testuak hizkuntza ezberdinetan erakusteko prestatuta dago, eta bestetik soinu-tresnen thesaurus ere hizkuntza ezberdinetara itzulita dago: soinu-tresnen izenak eta haien sailkapena dago thesaurusean sartua. Hala, MIMO bere sorreratik ingelesez, alemanez, frantsesez, nederlanderaz, suedieraz eta italieraz egon da. Proiektura sartzen joan diren museoak hizkuntza gehiago sartzen joan dira; beraien hizkuntza lehendik sartua ez zegoenean eta ahal izan dutenean.

Hasierako sei hizkuntzetara gehitzen lehena katalana izan zen, Museu de la Músicaren eskutik. Ondoren etorri ziren txinera, poloniera eta gaztelania.

Orain euskara ere sartu da MIMO proiektuan. Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin thesaurusa itzuli da eta web orria kudeatzen dutenen esku dago. Testu hau idazten ari garen unean oraindik ez dute erabiltzeko moduan thesaurusa, baina berandu gabe izango da. Denda den, euskara dagoeneko ikusgai dago Europa birtualaren zati bat den MIMO proiektuan eta euskal kultura munduan ikusgai dago.

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.