Azalpena
TUTUBIA
Tronpeta izenarekin ere ezagutzen den hots-jostailu hau gaztainondo makila bati azal zinta luze bat kendu eta kiribilduta egindako dultzaina
gisako tutu konikoa da. Goiko muturrean mihi bikoitzeko pita bat sartzen zaio. Pita ahoan sarturik haizea emanez bi mihiak dardarazten dira, hotsa sortuz.

Gaztainondo azalarekin egindako tutubia/tronpeta. JMBA bilduma, 42 zk. (Arg.: Emovere – Soinuenea)
Sunprinuarekiko (ikus Sunprinua) hiru desberdintasun nagusi ditu. Batetik, ez du tonu aldaketarako zulorik; beraz, nota bakarra ematen du. Bestetik, tutubiaren edo tronpetaren kasuan pita eta tutua ez daude azal zati berarekin eginak; beste makilatxo bati azal tutu txiki bat kentzen zaio, azaltxo hori mutur batean zanpatzen da mihi bikoitza osatzeko, eta tutu nagusiaren goiko aldetik sartzen da. Azkenik, helduek ez, baina haurrek jo ohi zituzten halakoak, Nafarroako Araitz bailaran jaso genuenez2.


Errazkingo Zelestino Artola tutubia/tronpeta egiten eta jotzen (1981/05/09). (Arg.: JMBA)
OLO- EDO GARI-ZUZTARRA
Gari- edo olo-zuztar bat hartu eta mutur bat hatzekin zanpatuz, mihi bikoitzeko pita sinple bat egiten zen. Tonua aldatzeko zulotxoak egiten zitzaizkion. Azken hamarkadetan edateko plastikozko lastotxoak ere erabili dira.

Mihi bikoitzeko plastikozko lastotxo batekin egindako turuta. JMBA Bilduma, 835 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Gazte bat turuta jotzen. (Arg.: JMBA)
Mutur bat ahoan sartu eta putz egitean hotsa ematen du. Haize-presioaren arabera eta zuloak ixten eta irekitzen tonu desberdinak lortzen dira eta doinu sinpleak jo daitezke.
Orioko (Gipuzkoa) Jose Peñak kontatu zion J. M. Beltrani, halako turutak aitak egiten zizkiola haurtzaroan3. Halakoak Euskal Herriko beste tokietan ere erabili direla dokumentatua dago, besteak beste Bizkaiko Bermeon eta Galdamesen, Nafarroako Allo eta Tuteran eta Arabako Gaubea-Valdegovían4.
LANDAREEKIN EGINDAKO BESTE TURUTAK
ARTO TONTORRA
Oiartzungo Lino Zapirainekin filmatu genuen Ergoien auzoan 1999ko abuztuan nola egiten ziren eta nola jotzen ziren bere haurtzaroan erabiltzen zituzten arto-tontorrez egindako turutak.

Lino Zapirain arto-tontorra jotzen. Oiartzun, 1999/08/13. (Arg.: JMBA)
NOLA EGIN?

SAN JOSE LOREAK
Lino Zapirainekin ikasi genuen San Jose loreekin ere turutak egiten eta jotzen. Bere haurtzaroan, udaberri hasierako hots-jostailu honekin jolasten zuten (tuuuu, tuuu, tuuuu…) hamaika joaldi eginez.

Lino Zapirain San Jose lorez egindako turuta jotzen. Oiartzun, 1999. (Arg. JMBA)
NOLA EGIN?

KALABAZA-ZURTOINEZ EGINDAKO TURUTA
Getxoko Koldo Martín Boschek, 13 urte zituela, 1967an Bizkaiko Areatza herriko gizon batekin ikasi zuen jolasteko zen turuta hauek egiten eta jotzen5. Garai hartan ezagutu zuen hots-jostailu hau bera Leioako Sesumaga baserriko bere adineko lagun Iñaki Gaztelurrutiarekin. Iñakik esan zion berak betidanik ezagutu zuela kalabaza-zurtoinez egindako turuta hauen erabilera Leioan, eta orduan egin zizkion beste turuta batzuk.

Koldo Martin Bosch kalabaza-zurtoinez egindako turuta jotzen. Getxo, 2013. (Arg.: K. Martin Bosch)
NOLA EGIN?

OHARRAK
2 Beltran, 1996, 95. or.
3 Beltran, 1996, 78. or.
4 Etniker, 1993, 693. or.
5 Oiartzunen, 2013an Koldo Martinekin egindako elkarrizketa.
ITURRIAK
Bibliografia
BARRENETXEA, J. M. (1976). Alboka - Entorno Folklórico. Archivo P. Donostia.
BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Orain.
BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (2002). Juguetes sonoros. Folklore musical Infantil, III. Didáctica de la Música, 6. Akal.
DONOSTIA, A. (1983). Instrumentos musicales populares vascos. Obras Completas del P. Donostia, (II. liburukia). Ed. La Gran Enciclopedia Vasca. (Jatorrizkoa, 1952)
ETNIKER. (1993). Juegos infantiles en Vasconia. Etniker Euskalerria. Eusko Jaurlaritza.
Irudi galeria
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 98
- Klasifikazioa:
- Aerofonoak -> Mihiak -> Bikoitza (oboea)
- Oharrak:
- MIHI BIKOITZEKO HOTS JOSTAILUAK

