Azalpena

Klarinetea

EGIKERA ETA JOTZEKO ERA

Klarinetea mihi bakuna duen aerofonoa da. Hodi zilindrikoa du, nagusiki zurezkoa. Aho aldean kanaberazko mihi bakarra du, eta behealdean kanpai gisako zabalgunea. Tonu aldaketarako zuloak ditu eta eskala kromatikoa egin ahal izateko metalezko giltza sistema du. Arruntena 17-18 giltzetakoa izaten da. Tonu ohikoena Si b izaten da. Do tonuko klarineteak ere erabiliak izan dira. Errekintoa Mi b-en dago. Klarinete baxua Si b tonoan dago.

Thibouville markako rekintoa eta Au diapason markako klarinetea elkarren ondoan. JMBA Bilduma, 186 zk. eta 689 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Thibouville markako rekintoa eta Au diapason markako klarinetea elkarren ondoan. JMBA Bilduma, 186 zk. eta 689 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)

Bi eskuekin harturik, ahokoa ahoan sartu eta haizea botatzen da kanaberazko mihia dardararaziz. Honekin batera, presio ezberdina erabiltzen da aire-korrontearen abiadura handitu edo txikitzeko. Horrela, haize zutabea kontrolatu eta tesituraz aldatzea lortzen da.

Euskal Herriko festa-ospakizunetan musika tresna tradizionalak erabili izan dira aspaldidanik dantzei laguntzeko: txistua, alboka, xirula, dultzaina, xirolarrua... Baina halako musikaririk ez zegoenean, aurkitzen zailak zirenean edota garaiko modak bultzatuta, beste soinu-tresna batzuetara jo behar izaten zuten, eta klarinetea izan da gure tradizioan asko erabili izan den horietako bat. Gurean, dantzetarako batez ere, hainbat lekutan jo izan da klarinetea.

Lapurdi

Lapurdin, beste soinu-tresnen laguntzarekin, txaranga moduko taldeetan erabiltzen da klarinetea dantzariei laguntzeko. Kabalkadetan edo Besta Berri ospakizunetan haize taldeetan erabiltzen da, batez ere.

1903ko argazki batzutan, kostaldeko herri batean, kaxkarot multxo bat agertzen da xirulak, atabalak eta akordeoi diatoniko edo sonu ttipiak lagundurik. Frango fite, klarinetak eta pistonak ordezkatu zuten xirula, […] 1907ko Besta-Berriko argazki batean, txirula eta atabala ageri dira. 1908an, jada, klarinetea da. […] klarinetak xirularen lekua hartu zuen. […] tresnak aldaturik ere, jotzeko manerak iraun zuen hein batean eta soinularien arabera…”

(X. Itçaina, 2018, 48-49. or. )

Klarinete-jolea, danbor-jolea eta dantzariak. (Iturria: paysbasqueavant.blogspot.com)

Klarinete-jolea, danbor-jolea eta dantzariak. (Iturria: paysbasqueavant.blogspot.com)

Donoztiriko Besta Berri taldea. (Iturria: Arberoako Ikastola)

Donoztiriko Besta Berri taldea. (Iturria: Arberoako Ikastola)

Baxenabarre

Baxenabarreko inauterietako dantza ikusgarrietan, klarinete joleak izan dira azken garaietan, bakarka, beste soinu-tresnekin batera edo txaranga moduko taldeetako partaide moduan musika horien emaileak.

 


Faustin Bentaberry (1869 Izpura - 1936 Antignac)

Dantza maisua, xirribika jolea eta klarinete jolea dugu adibiderik aipagarriena. Arotz baten semea zen, soinulari familia batekoa. Klarinetea ikasten du, Donibane Garaziko Lyre “gorrien” musika eskolan eta profesionala bilakatzen da. Faustin Bentaberry lehenetarikoa izan da musikaz eta dantzaz bizi izan dena: klarinetea jotzen zuen eta solfeoa menperatzen zuen.

(Iturria: https://www.eke.eus/eu/soka/baliabideak/lekukotasunak/michel-aurnague)

Ramuntxo Orkestra. 1959/02/01. (Arg.: Iñaki Irigoien, Dantzariak 52 )

Ramuntxo Orkestra. 1959/02/01. (Arg.: Iñaki Irigoien, Dantzariak 52 )

Antton Pierrestegi1 (Anhauze, 1915-2000)

Klarinetea eta saxoa jotzen zituen, Ramuntxo orkestraren sortzailea izan zen eta 30 urtez zuzendu zuen Nafarroa Beherean dantza-jauziak, martxak eta kontra-dantzak jotzen erreferentzia nagusia izan zen orkestra.

(Iturria: https://dantzan.eus/bideoak/faustin-1978-bentaberri)

Ezkerrean, Antton Pierresteguy klarinetearekin. (Iturria: Pedro Juan de Etxamendy Californiako bertsolari eta musikaria)

Ezkerrean, Antton Pierresteguy klarinetearekin. (Iturria: Pedro Juan de Etxamendy)


 

 

Zuberoa

Zuberoako klarinete-joleen artean hauek aipa genitzake: Jacques Superville, Grat Afios, Ambroise eta Jean Çatçoury, Pierre Sallaber, Jean Çatçouri, Pierre Aguerre- Pethiri Oskigile...

Klarinete-jole bakarlaria dantzariekin. (Iturria: paysbasqueavant.blogspot.com)

Klarinete-jole bakarlaria dantzariekin. (Iturria: paysbasqueavant.blogspot.com)

Bizkaia

Errondaila edo estudiantina gisako taldeetan ere (Lekeitioko Estudiantinan, esaterako) klarinetea erabiltzen da pandero, akordeoi, zeharkako flauta edota harizko soinu-tresnekin batera2.

Araba

Arabar Errioxako Oion herrian hainbat urtetan klarinetea erabili da, gaita ordezkatuz. Zaindari Santuen Dantzan, hain zuzen ere:

Hamaika mutilek dantzatzen dute dantza hau, urtarrilaren 22ko prozesioan, San Bizente eta San Anastasioren jai egunean. Bi aldaera ditu, eta biak dantzatzen dituzte, bitan bakoitza, bi aldaerak tartekatuz… Dantzaren musika, gaitaz jotzen da (zenbait hamarkadatan, klarinetea jotzen zen gaitaren ordez), danborrak eta kriskitinek lagunduta.

(Iturria: Oiongo udaleko web-orria)

Oion. Klarinete-jolea: Julio Gaston. Kaxa-jolea: Antonio Gallego. (Arg.: Manolo Gonzalez)

Oion. Klarinete-jolea: Julio Gaston. Kaxa-jolea: Antonio Gallego. (Arg.: Manolo Gonzalez)

Gipuzkoa

Gipuzkoan klarinetearen erabilera bakarlari gisa herri musikan ez dago dokumentatua. Bai izan dela erabilia, Bizkaian bezala, estudiantina gisako talde ezberdinetan: Eibarren, Elgoibarren, Donostian…

 

OHARRAK

1 Antoine Piarresteguy izenarekin ere aurkituko dugu.

2 Ikus entziklopedia honetako Zeharkako flauta artikulua.

 

ITURRIAK

Bibliografia

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain. (107. or.)

SAGASETA ARIZTEGI, Migel Angel. (1977). Danzas de Valcarlos; Luzaideko Iantzak. Pamplona: Diputación Foral de Navarra.

(2011). Luzaideko ddantzak. Bilbo: Herritar Berri-Astero; Baigorri-Gara.

VILLAFRANCA, Rosa - Angel M. Aldaia (1996) Danzas de Ochagavía, 300 años de historia. Editorial Mintzoa; Pamplona.

Diskografia

BELTRAN ARGIÑENA, Bixen; OSES, Kepa; Argia Taldea. (1978). Dantzak. Herri -Musika Sorta. Herri Gogoa. HG-186.

Irudi galeria

Audioa

Fitxa osoa