Azalpena

BurrunaIZENDAPENAK

Euskal Herrian bertan izen ezberdinak jasotzen ditu soinu-tresna honek, horien artean: burruna, furrufarra eta zurrunbera.

EGITURA

Zurezko taulatxo luzexka bat da; harrizkoa edo metalezko xafla bat ere izan daiteke. Mutur batean duen zulo batetik soka bat pasatzen da. Tokian toki neurri eta itxura ezberdinak hartzen ditu.

JOTZEKO ERA

Jotzeko, lehenik soka bihurritu behar dugu. Ondoren, mutur batetik helduta, taulatxoa abiadura bizian airean bueltaka jartzen da. Jolearen esku inguruan bueltak ematen dituen bitartean, taulatxoak abiadura handian biratzen du, norabide batean eta bestean, zurrunbilo hotsa emanez. Abiaduraren arabera hotsaren tonua aldatzen da.

HISTORIA

Euskal Herrian soinu-tresna honen presentzia noiztikoa eta zenbatekoa izan den zehatz-mehatz ez badakigu ere, lurralde osoan ezaguna izan dela pentsa dezakegu. Hona hemen XX. mendeko ikerlariek egindako burrunaren erabilerari buruzko hainbat aipamen:

A. Donostiaren euskal soinu-tresnei buruzko idatzietan informazio interesgarria aurki daiteke. Firringila-bramadera atalean, haur jostailuen artean halako “aerofono libreak” egin eta erabiltzen zirela ikusten dugu. Araban haurrek jolasteko erabiltzen zituzten hots-jostailuen artean, zurrunbera izenekoa dugu. “Zurrunbera: Oholtxo bat da soka batekin. Mutikoek habaila bat balitz bezala birarazten dute”1.

Jose M. Barandiaranek ere aipatzen du “Arabako furrunfarra edo zumbadera, Australiako churingen antzekoa”2.

 

Arabako furrunfarra. (Iturria: Barandiaran, 1931, 6. or.)

Arabako furrunfarra. (Iturria: Barandiaran, 1931, 6. or.)

Barandiaranek Saran ere aurkitu zuen tresna hau “burrun” izenarekin. Animaliak ikaratzeko erabiltzen omen zen:

BURRUN “Bramadera” (Fig. 16 : 4) Saran ez da oso ezaguna tresna hori, joan den mendetik ez baita erabiltzen. Badirudi animaliak izutzeko edo uxatzeko erabiltzen zela. 18 zentimetroko luzera eta 5 edo 6 zentimetroko zabalera duen oholtxo bat da. Mutur batean zulo bat dauka, non metro bat inguruko luzera duen soka bat finkatzen den. Eskuaz soka mutur libretik hartu, pixka bat biurritu eta astindu egiten da, oholtxoak bira egin dezan, eskua erdigune izango duen zirkulu bat osatuz. Eskuaren inguruan biratzen den bitartean, bere buruaren gainean ere dardaratzen du, txandaka, noranzko batean eta kontrakoan, eta horrek aldizkako orroak eragiten ditu.

(Barandiaran, 1974, 62-63. or.)

BURRUN 'Bramadera' (Fig. 16 : 4). (Iturria: Barandiaran, 1974, 62 or.)

BURRUN 'Bramadera' (Fig. 16 : 4). (Iturria: Barandiaran, 1974, 62 or.)

Alan Lomax musikologo estatubatuarrak argitaratutako World Library of Folk and Primitive Music bildumako France diskoan sartu zuen Claudie Marcel-Duboisek eta Marguerite Pichonet-Andraik 1947an Saran grabatutako burrun joaldi bat. Diskoaren informazioan ikus dezakegu burrun jolea Jose Migel Barandiaran izan zela. Garai hartan Barandiaran Saran bizi zen. Diskoaren informazioan biltzaileek esaten dutenez, “Biarnoko Inauterietako erritualean eta Euskal Herrian, etxeko burrun honen soinuak deabruaren presentzia adierazten zuela suposatzen zen”3.

Julio Caro Barojak idatzi zuen, bestalde, bramadera-ri (ingelesez "bull-roarer") Araban furrumbarra (sic) esaten diotela; Leongo eskualdean bufoia, cerrunga, fungón, zumbadera eta fungarrato; bereziki Inauterietan erabiltzen dira, dibertsio gisa, eta artzainek denbora arruntean animaliei deitzeko tresna gisa erabiltzen dituzte; litekeena da jatorri arkaikoa izatea.4

Arabako Furrufarra edo bramadera eta Leongo Bufón edo bramadera. (Iturria: Baroja, 1977, 192. or.)

Arabako Furrufarra edo bramadera eta Leongo Bufón edo bramadera. (Iturria: Baroja, 1977, 192. or.)

Etnikerrek 1993an argitaratutako Juegos infantiles en Vasconia liburuan Nafarroan eta Iparraldean bildutako informazio gehiago agertzen da:

  • Artaxoan (N), mota horretako tramankulu batzuei zumbadera esaten zitzaien. Betun kaxen estalkiekin prestatzen ziren, tolestuz eta erditik zanpatuz, eta soka batez eusten zieten. Soka hori beste muturretik heltzen zen eta biribilean birarazten zen zarata sor zezan.
  • Alduden, Donibane Garazin eta Ezterentzubin horrelako jostailu batek “furruna” edo “ferrela” izena zuen. Aizto batekin, ezpal bat edo egur zati bat lantzen zen, forma angeluzuzena eman arte, 12 x 6 cm eta 5 mm. inguruko lodierakoa. Laukizuzenaren mutur batean zulotxo bat irekitzen zen labanaren puntarekin eta metro inguruko lokarri bat lotzen zitzaion. Soka muturretik hartuta, ziztu bizian birarazten zen, habailarekin egiten zen mugimendu bera imitatuz. Biraketa-abiadura handitu ahala, zarata ozen bat entzuten zen, gero eta handiagoa, azkenean marru baten antza hartu arte. Uztaren garaian, zarata horrek txolarreen ihesa eragiten zuen; hortik haien erabilgarritasuna.

Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan mota honetako bost tresna dituzte:

  • 1998an argitaratutako Haur–jolasak eta jostailuak liburuko Musika eta zarata atalean agertzen da Lekeitioko halako tresna bat. Bilboko Euskal Museoko Biltegian, Agustín Zamora Lekeitioko apaizak 1993an Museoko bildumarako utzitako berak egindako halako hiru pieza gordeta daude (tresna hauen erreferentziak: 1990/0724, 1990/2981, 1990/2982). Egileak esaten zuenez, “furrunfarra” izenarekin agertzen diren zurez egindako tresna hauek, Lekeitioko haurrek garizuma garaian erabiltzen zituzten, bai eta uztetako garaian txolarreak uxatzeko.
  • Bilboko Euskal Museoko bilduman “furrun-farra-bramadera” izeneko beste bi tresna berdintsu dituzte: bat erakusketan ikusgai dago (erreferentzia: 1990/2574) eta bestea museoko biltegian gordeta (erreferentzia: 1990/2575). Museoaren fitxan agertzen den informazioaren arabera, pieza hauek Baionako Euskal Museoko langilea zen Henry Goñik Baionan egin zituen 1993an. Objektu hauek Baionako Euskal Museoa delakoan aurkitzen diren originalen erreprodukzio gutxi gorabehera fidelak dira, 1946an Sarako artzain batek eginak eta J. M. Barandiaranek aztertuak.

Bilboko Euskal Museoko Lekeitioko furrunfarrak. (Iturria. Bilboko Euskal Museoa)

Bilboko Euskal Museoko Lekeitioko furrunfarrak. (Iturria. Bilboko Euskal Museoa5)

Bilboko Euskal Museoko Sarako bi furrun-farra edo bramaderen erreprodukzioak: 1990/2574 eta 1990/2575 erreferentziak. (Iturria: Bilboko Euskal Museoa)

Bilboko Euskal Museoko Sarako bi furrun-farra edo bramaderen erreprodukzioak: 1990/2574 eta 1990/2575 erreferentziak. (Iturria: Bilboko Euskal Museoa6)

Baionako Euskal Museoko bilduman dauden bi burrun (furrun-farra) hauek, honako erreferentziak dituzte:

  • Rhombe "Furrun-Farra". 1981.082.0001 eta 1981.082.0002. Neurriak: Luzera osoa 16 cm ; zabalera 6 cm ; lodiera 0,8 cm. Bien fitxetan honako informazioa agertzen da: Zurezko xafla angeluzuzen horzdun baten itxurako tresna, eta soka bati lotua, soinu grabea eta gorra eragiten duena. Basoko animaliak eta pertsonaiak grabatuta dauzka azalean.

Karmele Goñi etnografo bizkaitarrak Etnografía en Zerain (1985) idazlanean aipatzen duenez, Zerainen nahastu egiten dira burrunaren motako tresnak eta habailaren hotsa edo burrundadea. Habaila egiteko harria aukeratzerakoan kontuan hartzen zuten nolako hotsa emango zuen botatzerakoan.

Baionako Euskal Museoko bi “Furrun-Farra”k. (Arg.: Collection du Musée Basque et de l’histoire de Bayonne / Baionako Euskal Museoa bilduma)

Baionako Euskal Museoko bi “Furrun-Farra”k. (Arg.: Collection du Musée Basque et de l’histoire de Bayonne / Baionako Euskal Museoa bilduma)

 

 

TAILERRA

Taulatxo luzexka bat prestatu, beharrezko forma emanez. Zulo bat egin, soka lotu ahal izateko.

Soka lotu eta erabiltzeko prest dago.

Arabako furrufarra egiteko bukaeran halako itxura eman behar zaio.

OHARRAK

1 Donostia, 1952/1983, 297. or.

2 Barandiaran, 1931, 6. or.

3 Lomax, 2002.

4 Caro Baroja, 1977, 190-192. or.

5 © 1990/0724, 1990/2981, 1990/2982. Furrunfarrak edo Bramaderak, 1910-1920 inguruan Lekeitioko parrokoa izan zen Antonio Zamorak eginak. EUSKAL MUSEOA BILDUMA-COLECCIÓN EUSKAL MUSEOA BILBAO.

6 © 1990/2575. Baionako Musée Basque bildumako bi Furrunfarra edo Bramadera originalen erreprodukzioak, Henry Goñik 1993an eginak. EUSKAL MUSEOA BILDUMA-COLECCIÓN EUSKAL MUSEOA BILBAO.

7 Ez dute pieza hauen beste informaziorik. Hauek izan daitezke Bilboko Euskal Museoan dituzten, erreprodukzioak diren, jatorrizko bi furrun-farrak.

8 2002ko maiatzean, Oiartzunen, Juan Mari Beltranek Lino Zapiraini egindako elkarrizketa.

9 Gipuzkoako Ikastolek 2010an Lezon antolatutako Kilometroak festako zirkuitoan Herri Musikaren Txokoamuseoaren postua jarria zegoen eta Mikel Salaberria handik pasatu zenean Juan Mari Beltranek jasotako informazioa. Mikel Salaberria Lezoko Martizkone baserrian jaio zen 1932an.

10 J. M. Beltranek Oiartzungo Zelestino Etxebesterekin, 1999an egindako elkarrizketan jasoa.

11 J. M. Beltranek Amezketako Itziar Goñirekin 1990 inguruan egindako elkarrizketan jasoa.

ITURRIAK

Bibliografia

BARANDIARAN, Jose Miguel. (1974). Obras Completas. (T. V. Bosquejo Etnográfico de Sara V). Bilbo: Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca.

BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. (2002): Juguetes sonoros. (Folklore musical Infantil, III). Akal / Didáctica de la Música, 6.

CARO BAROJA, Julio. (1977). Los Pueblos de Norte. Donostia: Editorial Txertoa.

DONOSTIA, Aita. (1952). Instrumentos Musicales Populares Vascos. Obras Completas del P. Donostia, (II. Liburukia), 257-309. Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca. 1983.

ETNIKER. (1993). Juegos infantiles en Vasconia. Etniker Euskalerria. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.

Irudi galeria

Bideoa

Audioa

Burrunak joaldia. Juan Mari Beltran. Sagar-dantza (zatia). 1998. (beti ttun ttun. CDNO 21)

Fitxa osoa