Azalpena
IZENDAPENAK
Aho-soinua mihi libreko aerofonoa da. Euskal Herrian hainbat izen eman izan zaizkio: filarmonika, harmonika, ezpainetako-soinua (Larraun bailaran), xotixe (Leitzan) zein musukitarra (Iurretan, azken izendapen hau tronpa-guimbarda adierazteko ere erabiltzen da).
Aho-soinuak hainbat mihi ditu, paraleloki jarriak, euskarri moduko zurezko taulatxoetan. Itxura eta sendotasuna emateko eta mihiak babesteko kanpotik metalezko txapaz egindako estalkia izaten du.
Ertz bateko zuloetatik haizea botatzean, honek mihiak bibrarazten ditu. Haizea ahotik barnealderantz edo kanpoalderantz zuzendu daiteke; posizio berean bi tonu ezberdin eman daitezke, beraz.
HISTORIA
Txinan aspalditik ezagunak dira sheng izeneko mihi libreko soinu-tresnak. XIX. mendetik aurrera behintzat, Europan sistema hau zuten soinu-tresnak zabaltzen joan ziren.
Dokumentazio urria badugu ere, jakin badakigu soinu-tresna hau oso zabaldurik egon dela gure artean. Joleak ez dira profesionalak izan baina kasu askotan maila oso altua lortu dute.
Etxeetako sukaldeetan, ostatuetan eta bestelako tokietan jo izan da kantu eta dantzarako.
Nafarroa
Iribasen (Nafarroa) Martikonea etxeko Periko Garaikoetxeak, XX. mendearen erdialdean, igandero jotzen zuen Bezperak izeneko elizkizunen ondoren, gazteek dantza egin zezaten. Uda aldean, eguraldi onarekin, atari aurrean jartzen zen eta etxeko larrainean dantzatzen zen, eta negualdean, barruan, etxeko sarrera handi batean. Txiki-txikitatik itsu gelditua zen eta trebezia handiz doinuak belarriz jotzen zituen. Errepertorio zabala zuen eta herriko festetan jotzera etortzen ziren musikariengandik (txistulariak, akordeolariak...) hartzen zuen gero joko zuena: suelto-ko dantzak, martxak, agarrau eta guzti. Iribasko silla dantza-ren bertsio berezia ere grabatu zion Juan Mari Beltranek1.
Gipuzkoa
Karmele Goñik Etnografía de Zerain (1985) lanean jaso zuen Gipuzkoako inguru horretan festa eta erromerietan auko-soñue (ahoko soinua) edo filarmonikea jotzen zela, ferian erosia, dantzarako, beste soinu-tresnen artean (tronpa, alboka, adarra, panderoa, txistua, danborra, soinu handia).
Albizturren ere, Landa familiak ederki gorde du aho-soinua jotzeko tradizioa. 2007ko abenduaren 29an herri-musika zikloaren neguko edizioan kontzertua eskaini zuten aita-semeek Oiartzunen.

Markox, Aitor eta Markox (aita), Landatarrak, aho-soinua jotzen. (Arg.: Soinuenea)
Bizkaia
Gernikan (Bizkaia) izen-abizenez ezagutu genuen musu-musika jole bat, Seberino Onaindia.

Seberino Onaindia aho-soinua jotzen Gernikan. 2003/12/29. (Arg.: JMBA)
1960ko hamarkadan Donostialdean (Gipuzkoa) Los Merlins eta Iru Bat taldeak ezagutu genituen, harmonikaz musika eskaintzen.
Erreferentzia zehatzik eman ezin badugu ere, Jose Migel Barandiaranek aho-soinua jotzen zuen. Martin Ugalde kazetariak hari ia 100 urterekin ETBn egindako elkarrizketa batean harmonika jo zuen.

Los Merlins taldea, Donostiako Kontxan. Ezkerretik eskuinera: Rafael (Donostiako kontserbatorioan biolin irakaslea; harmonika baxua), Antonio (solista) eta Manolo (akonpainamendua). (Iturria: Patxi Irizar)

Iru Bat, Añorgako aho-soinu taldea. Ezkerretik eskuinera: Jose Mari Mujika (Ibaetakoa; akonpainamendua), Jose Basurto Bolintxe (Añorgakoa; solista), eta Patxi Irizar (Añorgakoa, baxua). (Iturria: Patxi Irizar)
OHARRAK
1 Beltran, 1996, 91. or.
ITURRIAK
Bibliografia
BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Orain.
GOÑI, K. (1988). Etnografía de Zerain. Usos del grupo doméstico. In: Contribución al atlas etnográfico de Euskalerria: investigaciones en Bizkaia y Gipuzkoa. 643-767. Etniker.
Diskografia
LANDA, M. (1991). Albisturko aho-soinua. IZ. IZ-376.
Irudi galeria
Audioa
FANDANGOA
Iribasko Periko Garaikoetxea itsuak 1950 eta 60ko hamarkadetan bere ezpainetakoarekin igande eta jaiegunetan haur eta gazteentzat dantza saioak eskaintzen zituen. Fandango hau Juan Mari Beltranek 1979an grabatu zion saioetatik hartu dugu. Jatorrizko hiru buelta eta erdiko ezpainetako hutsezko pasartedun bertsioari panderetaren erritmo lagungarria erantsi diogu.
Soinulariak: Periko Garaikoetxea (ezpainetakoa), Juan Mari Beltran (pandereta)*.
* Larraungo herri-dantzak (2016) disko-liburua; 54. or. eta CDko 7. pieza.

Periko Garaikoetxea. Iribas, 1979. (Arg.: JMBA)
MARTXA ETA JOTA
Seberino Onaindia Landeta (Gernika, 1920-2012) gizon sendoa izanik, borroka librean aritu zen eta Espainiako txapelduna izan zen. Baina kirolagatik ezaguna bazen ere, bere umoreak bihurtu zuen Seberino hain ezagun Bizkaiko zati handi batean. Hamaika txiste kontatzen zekien (asko berak sortutakoak), eta horrekin batera, bere asmakizunek, istorio xelebreek, pentsaera filosofikoak eta kontari bikaina izateak egin zuten hain ezagun. Euskararekiko zaletasun handia zuen, eta umoreaz landa, bere jakituria agertzen zuen hainbat berben jatorria erakutsiaz. Irakurzalea zen, baita kantari ona ere errepertorio zabal batekin, eta harmonika/mosukitarra trebetasun handiz jotzen zuen. Azken harmonika, Txikito de Bolibar zestalari trebeak oparitu zion, Ameriketan erosia: Hohner Comet markakoa (Alemanian egina), ertz batean Do tonalitatekoa eta bestean Solekoa.
Seberino Onaindiak jotako martxa eta jota hauek Gernikan grabatu ziren 2003ko abenduaren 29an*.
* Juan Mari Beltran, Manu Gojenola eta Ander Barrenetxea hirukoteak grabatu zuen, 2003ko abenduaren 29an, Seberino bizi zen Gernikako Juan Calzada Zaharren Egoitzan.

Seberino Onaindia aho-soinua jotzen. Gernika, 2003/12/29 (Arg.: Filmatutako bideotik hartua)
FANDANGOA ETA ARIN-ARINA
Markox Landa hasieran eta gero semeen laguntzarekin, Albizturko Landatarrak urteetan ibili dira plazaz plaza soinu-tresna hau jotzen. Hirukote honek 1991an disko bat grabatu zuen pieza zaharrekin eta Markoxek sortutako berriekin. Hemen aukeratutako fandangoa eta arin-arina Oiartzunen 2007ko abenduaren 29an HM Neguko kontzertuan eskaini zuten saiotik hartu dugu.
Soinulariak: Landa Aita-semeak. Albizturko aho-soinua. Markox Landa (aita), Aitor Landa eta Markox Landa (semea).

Landatarrak HM Neguko Kontzertuan. Oiartzun, 2007/12/29. (Arg.: Soinuenea)
Fandangoa. Periko Garaikoetxea. Iribas, 1979.
Fitxa osoa
- Zenbakia:
- 59
- Klasifikazioa:
- Aerofonoak -> Mihiak -> Libreak
- Oharrak:
- Harmonica (aho-soinua, ezpainetako-soinua, xotixe, filarmonika)

