Septembre 01 2018 / Magazine
Herri Musika Bilduma (HMB) sailari segida emanez, eta urte batzuetako etenaren ondoren, lan taldea osatu dugu eta on line publikazioaren edizioari ekingo diogu berriro ere; bide batez, eskerrak eman beharrean gara gai hauetan zaletasuna duen kultur komunitateari, garai berri honen esperoan, izan duen pazientzia dela-eta.
Bildumaren izenari eutsi diogula konturatuko zen irakurlea (HMB), Soinuberri erantsiz izen nagusi moduan; horrela, bere txikitasunean handia den Kultura Tradizionalaren mundu honek, hainbat esparru transbersal eta paralelotan sakabanatuta eskaintzen digun guztia nahi izan dugu jaso eta eskaini.
Herri Musikaren Txokoak urtero Oiartzunen antolatutako Jardunaldien Aktak publikatzea izan da, hasieratik, eginkizun nagusienetakoa. Editorialaren baitan emandako aldaketak medio, atzeratuta gabiltza, eta gure asmoa da lehenbailehen hori konpontzea. Horregatik, nahiz eta hasierako asmoa izan urtero zenbaki bat ateratzea, aurreneko urteetan publikazioaren maiztasuna irregularra izango da, jasotzen dugun materialaren araberakoa eta haren konplikazioaren baitakoa izango delako.
Herri-musikarekin zerikusia duten gaiak biltzen ditu, batik bat, publikazioak. Aintzat hartzeko moduko kontua da hori, bai HMTren jatorrizko helburuei begira, bai Fundazioaren beraren inguruko ekintzei begira.
Kulturaren adierazpen esperimentalenek ere, Kultura Materialaren nahiz Materiagabekoaren baitako aportazioak diren heinean, izango dute lekua publikazioan; hala ere, ez da hori gauza berria, Jardunaldi guztien espiritua horixe bera izan delako. Horrela, adibide batzuk jartze aldera, orri hauetan lekua izango dute, musikaz eta kantuaz aparte, ondoko adierazpen hauek ere: dantza, joko eta jolasa, kontakizunak, ahozko literatura, sinesmenak, etxea eta auzoa, eta bizitzaren zikloa. Ahaztu gabe, besteak beste, lanerako metodologiak, aurkezpen eta hedapen sistemak, artxibistika eta bilduma zaletasuna.
Ez da gure asmoa ikerketa nahiz azterlanei muga geografikoak jartzea; ez da hori editorialaren filosofia. Hortaz, sareak eskaintzen digun lurralde eremu zabala hartuko du bere baitan publikazioak, bai Jardunaldien Aktei dagokienez, bai jasotako artikulu eta lanei dagokienez ere, hizkuntz mugarik gabe.
Jakin badakigu Aktetako testuen publikazioak zaharkituta egon daitezkeela, baina uste dugu diskurtsoaren inportantzia handiagoa dela iragandako denbora baino. Horregatik, eginahalak eta bi egingo ditugu lehenbailehen egunean jartzeko. Eta, horretarako, zenbaki hau bi Jardunaldirekin hasi dugu (2009 eta 2010), eta horretaz gain Aragoiko folklorean oso jantzia dagoen Carolina Ibor ikerlariaren lan bikain bat ere publikatu dugu.
Herri Musikaren 8. Jardunaldiak, “Erakundeetako danbolintero ofiziala” izenez, 2009ko azaroaren 28an eta 29an izan ziren. Han aurkeztutako materiala nahiz gerora jaso duguna da aurreneko on line zenbaki honetan eskaintzen duguna.
Jardunaldi haien ordenari segituz, Carmen Rodríguez Suso izan zen larunbatean, hilak 28, aurreneko ponentzia eskaini zuena: “El anacronismo como rasgo dinámico del txistulari contemporáneo”. Egileak aurkeztutako testuak ez du aldaketa handirik Jardunaldietan ahoz nahiz audiobisual bidez egin zuen aurkezpenarekin alderatuta, eta Txistulari aldizkarian publikatu zuen berbera da %95a baino gehiagoan; gauzak horrela, artikulu hori irakurri nahi duenarentzat lotura jarri dugu testu horretara.
Bigarren ponentzia Xavier Orriols-ek aurkeztu zuen, izenburu honekin: “Flabiol y tambor y repo-sición de los ministriles”. Egileak haize-tresnaren historia zehatza azaltzen du, baita tresna hark hainbat garaitako soinu-joleekin izandako harremana ere.
Mikel Aranburu ikertzaile eta idazleak eskaini zuen goizeko azken ponentzia, txistulari edo danbolintero profesionalaren gainean hitz eginez: “La municipalización del txistulari: proceso y resultado”; bere hitzak, artikuluan ematen dituen zita ugariekin aberastu zituen.
Arratsaldean tailerrak izan ziren. Lehendabizikoa Jose Ignazio Ansorenak eman zuen, “Udaletako txistularien eginkizuna” izenekoa. Bigarrenean kataluniarrak izan genituen: Xavier Orriols, Isabel Pla eta Paquita Roig, eta tailerraren izenburua: “El repertorio de los ministriles: recopilación y trata-miento”. Egun horretako ekitaldiei bukaera emanez, Errenteriako Udal Txistulari Taldea eta Els Ministrers de la Vila-Nova izan genituen kontzertua eskainiz.Hurrengo egunean, hilak 29, igandea, mahai-ingurua izan zen; mahaian eseri zirenak: Juan Mari Beltran, Garikoitz Mendizabal, Xavier Orriols eta Eneko Espino. Ekintza protokolarioei bukaera emateko, Els Ministrers de la Vila-Nova taldeak “kalejira” eskaini zuen Oiartzungo erdiguneko kaleetan barrena (Elizalden); ondoren bazkaria izan zen, giro onean.
2010eko azaroaren 27an eta 28an, Jardunaldiek aztergai izan zuten gaia Inauteriak izan ziren, garai batean neguko festa nagusiak izan zirenak: “Inauterien Joan-Etorria. Emanaldi-prozesuak eta formulak”.Gai hori landu izan duten hainbat ikerlari egon ziren Jardunaldietan. Emilio Xabier Dueñas izan zen aurreneko hizlaria, eta ahalegindu zen Inauterien orokortasuna azaltzen: “El Carnaval (re)convertido en Carnaval”. Abiapuntu izan zituen festaren errekuperazioan egon daitezkeen mailak: berreraikitzea, sortzea, etab. Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak, ondoren, Zuberoako Maskaradak izan zituen ardatz bere azalpenean: “La regeneración de la vida en las formas de expresión poética del carnaval suletino”.
Teoria utzi eta praktikara eman zen jauzia gero, hiru Inauteri “berri” aurkeztuz. Aurrenekoa, hainbat herriren artean sortu zen, adineko jendeari gerra zibilaren aurreko festaren testigantzak jasotzen aritu ondoren: Ilarduia, Egino eta Andoin dira herri horiek, eta Carlos Ortiz de Zarate izan zen bultzatzaile nagusia. Bigarren Inauteri berriaren eredua Eibarkoa izan zen eta Oier Araolazak aurkeztu zuen: “Koko-eskea eta koko-dantzak Eibarko aratusteetan”; tradizioaren eta berrikuntzaren artean dagoen tarte estua nabarmen geratu zen azalpenean, antzinako elementuak eta gaur egungoak nahastuz. Hirugarren eta azken eredua Ernesto Domínguez errioxarrak aurkeztu zuen: garai bateko elementuak erabiliz, Inauterietako festak bultzatu asmoz Errioxako lurretan barrena egindako bilketa eta zabalkunde lana erakutsi zuen, bereziki Enciso-n egindako lana.
Arratsaldez, egungo (2010) Oiartzungo Inauteri edo Ihote-en azalpen labur bat egin zuen festa horren bultzatzaile den elkarteak. Ondoren, mahai-ingurua izan zen: Josu Larrinaga izan zen moderatzaile eta mahaian hainbat parte-hartzaile izan ziren (haietako gehienak ponentziak aurkeztu zituztenak). Bertan, Inauteri festa bakoitzeko helburuak eta perspektibak azaldu ziren. Eta, buka-tzeko, Ilarduia-Egino-Andoin herrietako Inauteriak ikusi ahal ziren Asparrenan, eta ondoren baita Errioxakoak eta Eibarkoak ere.
Hurrengo egunean, igandean, Beskoitzeko Jean-Raymond Mailharrancin-ek tailer praktikoa eskaini zuen; ondoren, Beskoitzeko Oinak Arin Dantza Taldeak eta Oiartzungo Ihote Taldeak ikuskizun bat eskaini zuten Oiartzungo kaleetan.
Goian aipatu dugun moduan, zuen ikerketa eta azterlanak ezagutzera ematea da publikazioaren beste helburuetako bat. Lehendabiziko zenbaki honetan, bide-erakusle moduan, hainbat liburu idatzi dituen eta musika-aditua den Carolina Ibor ikerlariak egindako lana argitaratu dugu; lan mardula eta gaurkotasun handikoa, dudarik gabe: “Las canciones de San Fabián en Tardienta. La fiesta, los cofrades y algunas relaciones de parentesco”. Lan horren bitartez, Huesca-ko Tardienta herrian urtarrilaren 20an ospatzen den festan murgiltzen gaitu Carolinak: bertako kantak, musika eta musika-tresnak, gastronomia, emakumezkoen nahiz gizonezkoen eginkizunak festan, kofradia, eta ahaidetasun-harremanak; hori guztia ikuspegi historikotik begiratuta, baina baita ikuspegi musikaletik ere eta, jakina, gaur egungo ikuspegitik ere bai; izan ere, eskaintzen dituen azken datuak 2012. eta 2016. urteen artekoak dira. Egileak hainbat informazio gehigarri ere sartu ditu artikuluan, erruz gainera: partiturak, abestien letrak, argazkiak, audioak eta bideoak.
Hastera goazen bide berri honetan lagun zaharrak dauzkagu ondoan, eta espero dugu publikazio honetan lanean irauteko eta proiektu berriak aurrera eramateko gai izango garela: eta, ikertzaileei nahiz gaian interesa lukeen edozeini, azken hamarkadako lanak ez ezik, sortzen ari diren aportazio berriak eskaintzeko gai izatea nahiko genuke. Hori hala izan dadin, gonbitea luzatzen dizugu, zeurea ere baden publikazio honetan parte har dezazun, eta modu horretan, Kultura Tradizionalaren inguruko jakintza zabal dezagun; geurea eta guztiona den Kultura Tradizionala.
Emilio Xabier DUEÑAS
Soinuberri HMB-ren Zuzendaria