Full sheet
Gaur egun Soinuenea Fundazioa denaren Herri-musika kontzertu zikloa 2002. urtean jarri zen martxan. Orduz geroztik, Euskal Herriko zein kanpoko hamaika musikariren kontzertuak antolatu ditugu, beti herri-musikari lotutako soinu-tresnak ezagutarazteko asmoz.
Datozen urteetan bide berri bat urratu nahi dugu museo bezala: soinu-tresna historikoak zaharberritu eta hauek musikari profesionalen esku uztea, haiekin emanaldiak eskaini ditzaten.
Mota honetako kontzertu baterako aukeratu dugun lehen tresna alboka izango da. Oraingo honetan, Euskal Herriko beste museoekin eta bilduma partikularrekin garatu dugun lankidetzari esker, XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako 7 alboka izango dira kontzertuaren protagonistak. Hauen zaharberritze lanak Juan Mari Beltran eta Julen Begoña albokagileek egin dituzte.
Hona hemen kontzertuan entzun ahalko diren albokak eta hauen jatorria:
- Soinuenea. Zegamako Gorrotxategitarrek emandako alboka (1227 inbentario zenbakia). Hau izan zen 1930. urtean Eusko Ikaskuntzaren Bergarako Kongresuan Migel Gorrotxategik erabili zuen alboka.
- Bilboko Euskal Museoa.
- Jose Mari Bilbao albokariak (Leon Bilbaoren aita) egindako alboka (AAAA/2955 inbentario zenbakia).
- Jose Mariano Barrenetxearen esanetan, Zeanuriko J.M, Amondarain edo Santamariarena izan zen alboka (AAAA/0159 inbentario zenbakia).
- Baionako Euskal Museoa. Gipuzkoako alboka eredu zaharra dirudiena (124 inbentario zenbakia). 1923. urtean sartu zen museo honen bilduman.
- San Telmo Museoa. Gipuzkoako Goierriko alboka (2107 inbentario zenbakia). 1915ean sartu zen museoaren bilduman.
- Nafarroako Museo Etnologikoa. Urbasa inguruko alboka omen zen (16366 inbentario zenbakia). Dirudienez, XX. mende hasieran Iruñeko Katedraleko Museoaren katalogoan zegoen.
- Martin Agirre Arana (1842-1892) Dimako albokariaren alboka. Gaur egun Jose Mariano Barrenetxearen oinordekoek gordetzen dute.
Bestetik, hauek izango dira kontzertuan parte hartuko duten albokariak:
- Juan Mari Beltran, Soinueneako zuzendaria eta ikerlaria
- Teresa Jareño, Oiartzungo herri-musika eskolako alboka irakaslea
- Julen Begoña, albokagilea eta albokaria
- Fede de Dios, albokaria
- Amaia Fuentes, albokaria