Description
BURRUNA
Aita Donostiak euskal soinu-tresnei buruz idatzitako lanean zioen Arabako haur-jostailuen artean hiru aipa ditzakegula, eta horietako bik euskal erroko izenak dituztela: Zurrunbera soka bat duen taulatxo bat da, haurrek habaila bat balitz bezala birarazten dutena. Zurrumbero, berunezko edo beste metal bateko disko txikia da, erdian bi zulotxo dituena, eta horietatik soka edo lokarri bat pasatzen da birarazi eta burrunba egiteko.
Burrun, furrun-farra, zurrunbera eta bestelako izenekin, hots-tresna hauek Euskal Herriko eskualde askotako haurrek erabili dituzte hots-jostailu gisa.

Haur talde bat burrunak jotzen, Oiartzunen Soinueneak 2016/07/27an antolatutako hots-jostailuen tailerrean. (Arg.: Soinuenea)

Haur bat burruna jotzen, Oiartzunen Soinueneak 2016/07/07an antolatutako hots-jostailuen tailerrean. (Arg.: Soinuenea)
NOLA EGIN?
Taulatxo luzexka bat prestatu, beharrezko forma emanez. Zulo bat egin, soka lotu ahal izateko. Soka lotu eta erabiltzeko prest dago.

Arabako furrufarra egiteko bukaeran halako itxura eman behar zaio.

FIRRINGILA
Zurezko taulatxo bat da. Erdian bi zulotxo ditu eta horietatik sokatxo bat pasatzen da. Sokaren bi muturrak korapilo batekin lotzen dira. Botoi bat ere erabili izan da taulatxoaren ordez.
Jotzeko, soka bi eskuekin zabaltzen da, taulatxoa erdian utzirik. Jarraian, taulatxoa jiratuz soka kiribiltzen da. Behin kiribilduta, sokari bi aldeetatik tira eginez, taulatxoa abiadura bizian jira-biran jartzen da, zurrunbilo hotsa emanez. Abiaduraren arabera hotsaren tonua aldatzen da.
Aita Donostiak euskal soinu-tresnen bilduman halako aerofono libreak aipatzen zituen5.


Haurrak Firringilak jotzen Oiartzunen Soinueneak 2018/07/25ean antolatutako hots-jostailuen tailerrean. (Arg.: Soinuenea)
NOLA EGIN?
Taulatxo bat hartu eta nahi dugun neurrian moztu, atera nahi dugun hotsaren eta erabili behar duenaren arabera. Erdian bi zulotxo egin.

Hauetatik sokatxo bat sartzen da eta sokaren bi muturrak korapilo batekin lotzen dira.

Botoiekin eginez gero aurreko bi urratsak eginak ditugu.
ZIRIA
Ziri edo makila luze, fin eta malgu xamarra izaten da. Mutur batetik eskuarekin helduz, buru gainetik abiadura bizian bueltaka jartzen da, zurrunbilo hotsa emanez.
Abiaduraren arabera hotsaren tonua aldatzen da6.

Moztutako bi hurritz zirirekin Periko Garaikoetxeak, Iribasko Martikoneako itsuak, hotsa eragiteko 1999ko maiatzean egindako bi zirietako bat. JMBA Bilduma 757 zk. (Arg.: O. Zapirain-Soinuenea)
J. M. Beltranek bere haurtzaroan ezagutu zuen hots-tresna hau7. Udaberri aldean, Iribasko Periko Garaikoetxea itsuak hurritz ziri fin eta luze bat zuritu ondoren, ziria eskuekin mutur lodietatik helduta bere buru gainean abiadura bizian bueltan jartzen zuen, txistua edo zurrunbilo hotsa emanez. Abiadura aldatuz, tonua aldatuz, ziria kantuan jartzen zuen.

Periko Garaikoetxea hurritz ziria zuritzen. Iribas, 1999. (Arg.: JMBA)

OHARRAK
5 Donostia, 1952/1983, 297. or.
6 Donostia, 1952/1983, 297. or.
7 Beltran, 2002, 136. or.
ITURRIAK
Bibliografia
BARRENETXEA, J. M. (1976). Alboka - Entorno Folklórico. Archivo P. Donostia.
BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Orain.
BELTRAN ARGIÑENA, J. M. (2002). Juguetes sonoros. Folklore musical Infantil, III. Didáctica de la Música, 6. Akal.
DONOSTIA, A. (1983). Instrumentos musicales populares vascos. Obras Completas del P. Donostia, (II. liburukia). Ed. La Gran Enciclopedia Vasca. (Jatorrizkoa, 1952)
ETNIKER. (1993). Juegos infantiles en Vasconia. Etniker Euskalerria. Eusko Jaurlaritza.
Galerie d'images
Fiche complète
- Numéro:
- 99
- Classification:
- Aérophones -> Libres
- Remarques:
- HOTS JOSTAILUAK AEROFONO LIBREEN ARTEAN
