Fiche complète

ALAN GRIFFIN, Alboka mundura beste jitea ekarri euskun musikaria

Gaztelaniazko literaturak ekarri zigun Alan Euskal Herrira. Kontxi ezagutu zuen eta berton geratu zitzaigun betiko. Ha zelako zortea. Hona heldu zenean, Klarinetea, Whistle –edo txilibitua, sei zulokoa- eta Irish Flute, edo zurezko zeharkako xirula joten zituen Alanek. Errepertorioa be irlandarra, noski, klasikoaz aparte. Esaten zidan Alanek Irlandan musikari tradizonal asko dagoela, milaka, eta errepertorio zabala daukatela, 2.000 / 3.000 pieza tartekoa. Izan be, pieza askoren izena zein den ere ez dakite, baina doinua entzunik, atoan hasten direla jotzen.

Hemen, ingelesko eskolak emateaz gainera, euskal musikaz maitemindu zen. Gure musika tradizionala ezagutzeaz eta jotzeaz batera, garaiko hainbat kantariri lagundu zien musika joaz, bera eta Joxan Goikoetxea musikari laguntzaile gisa ibili zirelarik.

Irlandatik ekarri zituen 3 soinutresnen ezagutzeaz gainera, hemen beste batzuk ezagutu zituen: xirolarrua (Landetako boha a sac, J. M. Beltran musikari-ikerlearen arabera gure ikonografian gehien agertzen dena); Erdi Aroko Cromornoa; eta mosukitarra.

Alboka izeneko taldea sortu zuten Joxan Goikoetxeak eta Alanek elkarrekin hainbeste bider ibili eta gero. Albokaririk ez zeukaten, ostera. Norbaitek ikasi egin behar eta Griffini tokatu zitzaion, bera zelako haizezko soinutresnak jotzen zituena. Baina, ez zuen ikasi apur bat, horrela taldeari laguntzeko. Albokari onenetakoa bihurtu zen. Eta alboka ikerlea eta albokaz doinu sortzailea. Pieza zoragarriak, bertoko albokari batek ezin izango lituzkeenak sortu, Alanek beste buru egitura zuelako, irlandarra, zelta, anglosaxoia: Jauntxoa, Txakur berdea, Lau anaiak… eta tradizional asko egokituaz: Prantziako anderea, Gizonak ez dau beharAitzina taldea ere Alanek sortu zuen, kantu eta balada tradizonalak modu berezian jotzeko.

Halfway to hell, albokarako 333 doinu izeneko ikerketa liburu mardula egin zuen. Berak alboka tradizionalaz jotzeko, hau da, doinu guztiak 3 eta 5 zuloko albokaz jotzeko, egin zuen. Gehienak, 200 inguru, berak sortutako doinuak dira eta besteak, bertoko edo irlandar musika tradizionala albokarako egokituta: Jota-Porru-Martxa; Bertoko dantza zeremonialak; Kanpokoak (Baltsak, Mazurkak, Polkak, Ezkotixa, Habanera, Tangoak); Bertso doinuak; Azkue eta Donostiak jasotakoak; Irlanda eta Eskoziako dantzak (Jig, Reel, Hornpipe); Kantu Narratiboak. Alboken Afinazioa eta Eskalak ere ikertu zituen liburuan. Eta Goizean Parisen 7 bertsioak aztertu.

Irlandara oporretan joaten zenean ama, alaba eta anaia bat ikustera, bertan jotzeko 3 soinutresna eroaten zituen: tin whistle-a eta Irish flute delakoa, biak RE (D) tonalitatekoak, hango pubetan musika irlandarra jotzeko. Hiru esan dut, hirugarrena: alboka zen. Zertarako? Bertan, etxean jotzeko, piezak sortzeko…

Azkenik, beste liburu mardul bat be laga zigun aurten: La Puerta Abierta izenekoa. Liburu honek Jabier Kaltzakorta, herri literatur ikerlari handiaren sarrera darama. Irakurle sutsua zen Alan, eta baita, kantu tradizional ikerlea. Liburu honetan, euskal baladen sorrera eta ibilbidea Europako tradizio desberdinetako baladen zehar ikertzen du. Balada konparaketa bat, bilaketa sutsuan.

MANU GOJENOLA ONAINDIA

Galerie d'images

Vidéo