Edukira joan | Menu nagusira joan | Saltar a la secciones

Hasiera >> Argitalpenak >> Ikusentzunezkoak >> DULTZAINA GIPUZKOAN
 

DULTZAINA GIPUZKOAN

Diskoaren portada

Erosi >>

Erreferentzia:
HMB-2015-1351-CD
Izenburua:
DULTZAINA GIPUZKOAN
Egilea/Emailea:
Edizioa: Juan Mari Beltran Argiñena
Urtea:
2015
Argitaletxea:
Soinuenea Fundazioa
Salneurria:
12 € (BEZ barne)


 



XX. MENDE HASIERAKO GIPUZKOAKO DULTZAINEROEN MUSIKA



Herri Musikaren Bildumako CD-liburu formatuan egindako argitalpen honetan Gipuzkoako dultzainero zaharrei 1971 eta 2004 urteen artean egindako hots-grabazioz osatutako 52 piezako bilduma aurkezten da.



2004ko ekaineko HM Berriak 10. zenbakian aurkeztu zen Juan Mari Beltranek idatzitako "Dultzaina Gipuzkoan 1950. hamarkada arte liburua". Donostiako Erviti Musika Argitaletxearekin batera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratutako liburu hura HERRI MUSIKA BILDUMAko lehen zenbakia izan zen.



Liburua lau ataletan banatuta dago. Lehenengo atalean Gipuzkoako dultzainari eta dultzaineroei buruzko ikuspegi zabal bat azaltzen da. Bigarren atalean, bailaraz bailara eta herriz herri sailkatuak, dultzaineroen zerrenda ageri da bakoitzari buruzko aipamen labur batzuekin. Hirugarren atalean berriz, dultzaina egileak Gipuzkoan eta hauek egindako dultzainen ezaugarrien deskribapenak aipatzen dira. Eta azken atalean, gipuzkoar dultzaineroen errepertorioa dago. 176 piezaz osatutako errepertorioko partitura horiek idazteko, nagusiki, gipuzkoar dultzainero zaharrei hartutako hots grabazioak erabili ziren. Baina Herri Musika Bildumaren lehen zenbakia zuen liburua aurkeztu zenean aipatu zen eskuartean audio materialei ere bidea zabalduko zien beste bilduma proiekturik bazegoela: herri musikaren hots bildumarena. Horrela egin dira, besteak beste, trikitixa, xirolarrua eta txalaparta CDak.



 Gipuzkoan” liburuko partiturak transkribatzeko erabilitako dultzainero zaharrei egindako jatorrizko grabazioak biltzen dituen CD diskoa dugu hau. CD-liburu honetarako aukeratutako errepertorioa 1971 eta 2004 artean egindako grabazioetatik hartu da. Gipuzkoako dultzainero haien doinu bildumaren aukeraketa adierazgarria lortu nahian, ahal den eta errepertorio zabalena osatzen saiatu gara. Horregatik, pieza gehiago sartu ahal izateko, egindako grabazioetan dultzaineroek hiru, lau edo buelta gehiago errepikatu zituztenean, grabazioak editatu egin ditugu, buelta batzuk kenduaz, bertsio motzagoak lortzeko. Piezen zerrenda osatzeko aukeratzeko besteak beste honako irizpideak kontuan hartu ditugu: Piezaren interesgarritasun musikala, berezkotasuna eta adierazgarritasuna, interpretazio maila eta jatorrizko grabazioaren kalitatea. Grabatutako dultzainero taldeak eta familiak, Gipuzkoako eskualdeak eta errepertorioan agertzen diren pieza eta dantza moten presentzia aukeratutako zerrendan islatzen saiatu gara. Horrela, Urola aldeko Monttetarren 26 pieza, Usurbilgo Sagarna-Sagardia bikotearen 13, Errezildar jatorria zuten Agirretxetarren 8 eta Orioko Peñaren 5 pieza sartu ditugu. Pieza edo dantza moten alderditik honako aukeraketa egin da: 14 martxa, 12 fandango, 12 arin-arin, 2 jota, 3 porrusalda, 4 bals, 2 pasodoble eta bestelakoak diren 3.



Aukeratutako jatorrizko grabazio batzuk danborrik gabe eginak zeuden eta kasu horietan danborra gehitu diegu grabazio berriak eginez. Beste kasuetan, egokia iruditu zaigunean dultzaina bakar batekin egindako grabazioei bigarren ahotsa erantsi diegu. Orioko Antonio Peña dultzaineroaren errepertorioa bere seme Josek kantatuta jaso genuen eta guk dultzaina eta danborra joaz osatu ditugu aukeratutako dultzainero honen piezak. Zalantzarik gabe CD honen bitartez gipuzkoar dultzainero haien musika ezagutzeko, ulertzeko, gozatzeko eta ikasteko aukera paregabea eskaintzen da. Badugu hots bilduma honi jarraipena emateko helburua; gure gaitasun eta ahalmen teknikoak eta ekonomikoak kontuan hartuta, epe batean Gipuzkoako dultzainero haiekin grabatutako bilduma osoa, Soinuenearen web orrian edo bestelako euskarrian, interesatua dagoen publiko guztiarentzako online eskuragarri jartzea da.



 

Oiartzungo udala Oiartzungo
udala

Juan Mari Beltran Argiñena bilduma J.M. Beltran
Argineña
bilduma

SOINUENEA
Tornola kalea, 6 - 20180 OIARTZUN - Tel/Fax 943 493 578 - soinuenea@soinuenea.eus
Irisgarritasuna | XHTML 1.0 | CSS 2 | WAI-AAA | TAW 3 | Creative Commons Licencia de Creative Commons